Etiketaren artxiboa: Gure Jarrera

Parliament – Bop Gun (Endangered Species)

Kasu honetan, berdintsu hasten diren bi kantez gain, era beretsuan ere hasten diren bi album ditugu hizpide; izan ere, bietako lehen doinuak bikiak baitira. Goazen bada Parliament taldearen diskoko lehen pistarekin:

 

Aski ezaguna zaigun intro horrek Gure Jarrera diskoaren hasierarekin konektatzen gaitu zuzen-zuzenean, ezta?

 

ngsamples goiburua1

Defunkt – Ooh Baby

Defunkt taldea funtsezkoa da NGSamples unibertsoan. Oraingo honetan, bateria sarkor horri erreparatu behar diogu, etengabe «ohh baby!» oihuka dezakegun bitartean (ad libitum, otoi!). Atal batzuk zoragarriak dira; 6 minutu motz egingo zaizkizu.

Hain zuzen ere, erritmo sakon hori erabili zuten negutarrek aizkorada etengabeak bailiran…gozatu, hauspoa bete arren!

Defunkt – For The Love Of Money

70. hamarkadan The O’Jays talde aski famatuaren hit baten bertsioa egin zuen Defunkt taldeak, humanook diruzaletasunarekiko dugun joera nabarmenduz. Hasieratik belarrietan sartuko zaizun punteo azkarrari erreparatu, bateria begiz galdu gabe. Latza!

Gitarra soinu errepikakor zorrotz hori bikainki txertatu zuten “Bete kolpe bat” mitikoan (lehen aldiz 17. segundoan ). Diruzalekeria ere errotik ebaki behar baitugu, ezta?

ngsamples goiburua1

Laurie Anderson – O Superman

Imajina ezazu 80. hamarkadako Kaki, Laurie Andersonen zuzeneko batean erabat txunditurik, amerikarrak ahotik laser izpi koloretsuak botatzen zituen bitartean abesten zuela ikusten. Izan ere, audioa entzunez bakarrik antzeman daiteke, bai, ez dela nolanahiko artelana aditzen dena. Pentsa nolakoa litzatekeen performance osoa garai hartan!

 

Urte batzuk iragan ostean, bizipen hari keinu ezin hobea egingo zion Kakik 1991. urtean abestien arteko isilunea zer zen ez zekien Gure Jarrera diskoaren bidez. Kantaren amaieran duzue samplea entzungai.

ngsamples goiburua1

 

 

Willie Colón – Me voy

Bisitari iraultzailea Hego Ameriketan da bere nagusitasuna erakusten eta hori guztia girotzeko, Los Van Van handiez gain Willie Colón ere ezin zen falta. Bere hit handienetakoa izan zen 1990.ean kanta hau:

 

Williek bere kantaren hasiera animatzeko erabili zuen aldaketa latz eta alai huraxe erabili zuten negutarrek Bisitari Iraultzailearen azken zatian. Entzun!

ngsamples goiburua1

Los Van Van – Sólo quería bailar lambada

 

Sample hau zehazki lortu ez dugun arren, badakigu abesti honen zuzeneko bertsio batean dagoela bilatzen duguna. Izan ere, sampleaturiko ahotsak “yo sólo quería (eso mami)” baitzioen, abesti baten izenburua dena ia-ia. Kakik baieztatu zigunez, Los Van Van taldearen “Aquí el que baila gana” kasetari sua atera zioten taldekideek batetik bestera zihoazen bakoitzean. Tamalez, zuzeneko zehatza ez dugu topatu oraindik. Hortaz, kantaren estudio bertsio batekin moldatu beharko gara oraingoz…

Goian aipatu dugun ahots lagina honako kantan entzun daiteke 1:37 unean. Inork esango al digu non den bilatzen dugun bertsioa?! ;)

ngsamples goiburua1

Arthur Conley – People sure act funny

Sam Cooke eta Otis Redding artean koka genezakeen Arthur Conley handia ere ez zuen ahaztu Irungo boskoteak. Gorria zenentz ez dakigu, baina homosexuala zela bai; barkamenik gabeko bekatu horren ondorioz, Herbehereetan eman zituen bere azken urteak; bere sorterritik urrun. Luis Mariano beltz honen “People sure act funny” kantaren intro dekadenteari adi!

Jendeak era barregarrian ziurki jokatu ala ez, 17. segundoan topa dezakegun sample hau Reixaren «refrito»a maisuki erdibitzeko gai da.

ngsamples goiburua1

Dennis Brown eta Gregory Isaacs – Jealousy

Gregory eta Dennisen diskorik entzun ez duen reggaezale bat ez da benetako reggaezale bat. Izan ere, ia kontaezinak diren diskografiak dauzkate beraien izenen atzean, bakarka nahiz beste artistekin batera. Berlingo Harresia erori bitartean hau ere entzuten zen internetik gabeko Euskal Herrian.

BSO kantak ez zeuzkan soilik LKJren sampleak. Bestelakoez ere elikatu zen; tartean, Dennis eta Gregoryz. Adi introari!

ngsamples goiburua1

Defunkt – Defunkt

Punk-funk musikak ere harrapatu zituen Kaki eta bere taldekideak 80. hamarkada hasieran…ez zen ba guztia punk-rocka izango, ezta? Erreparatu hasierako ahotsari.

Festa gogoz dantza egin nahi duen Joseph Bowie handiak Negu Gorriaken bigarren albumean  parte hartu zuen, gure jarrerarekin bat zetorrelako. Nola bestela?

ngsamples goiburua1

James Brown And Full Force – She Looks All Types A’ Good

 

 

Kortatuk Iruñean “Azken Guda Dantza” ospatu zuen urte berean, Soularen Aitabitxiak Full Force taldearekin batera disko bat atera zuen. Loop funkyak osatzeko iturri agortezina izaten jarraitzen zuen gure Jamesek.

Honetaz guztiaz jabeturik, handik 3 urtera, 18. segundutik 28.erainoko erritmo indartsua osatu zuen Irungo boskoteak. Bukarea aldera ere errepikatuko dena. Adi belarriak.

ngsamples goiburua1